ZUHAITZ EGUNA 2017

Azken urteetan udaberriaren hasiera inguruan egin dugun legez, aurten ere Balentzategi eskolako ikasle eta hauen gurasoek hitzordua genuen larunbatean goizeko hamarretan. Asmoa? Aurreko urteetan sartutako zuhaitzak gainbegiratu eta txukundu, zuhaitz berriak sartu eta udalatxea apaintzen duten geraneo ontziak ere berritu.

Edorta Atinek aurten ere, zer kontatua bazuen. Berak ekarri zizkigun lur, landare, lanabes eta ongarria ere noski. Naturari “kopiatuta” omen dakizki berak hainbeste gauza, eta guri ere hala egiteko gonbita egin zigun. Zuhaitz motei dagokienez, beste urteetan pago, aritz, lizar nahiz arteak sartu izan ditugu Gabiriko gune desberdinetan. Aritza omen da hala ere, ondoen datorrena gure inguru haizetsu honetan, eta beraz aurten, espezie hori sartzen ibili gara batez ere. Zuhaitz landarea osasuntsu egoteko zein ezaugarri izan behar dituen ere esan digu: sustrai osasuntsua, inon moztu gabea;adar nagusia luzea, eta noski oraindik hostorik gabea, horrek landarea oraindik lozorroan dagoela adierazten baitigu, eta beraz ez duela sufritzen landatzerakoan.

Haur gaztetxoenek geraneoak landatzea aukeratu zuten, eta besteok aurreko urteetako landareak gainbegiratzera abiatu ginen. Batzuk ipurditik atera behar izan genituen azalean zauriak baitzituzten inguruko belarra moztean-edo egindakoak. Landare horiek batere indarrik gabe hazi zirela ohartu ginen Edortaren azalpenei esker.

Goiz pasa, guraso batzuek prestatutako hamaiketako ederrarekin bukatu genuen. Eguraldi kaskarra espero genuen arren, eguzkia eguna argitzera atera zen eta hotz egiten zuen arren, primeran ibili ginen.

 

Kategoria: gurasoak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude